Gernika Bizkaia

Angie Bjorklund, puntuak eta urrutiko jaurtiketa Lointek Gernika Bizkaiarentzako

Angie Bjorklund da Lointek Gernika Bizkaiaren aurpegi berria 2020/2021 denboraldirako. 31 urteko eta 183zm luzeko hegaleko estatubatuarrak Emakumezkoen Endesa Ligan debuta egingo du urte askotan zehar Europako ligetan ibilbide luzea osatu ondoren.

Angie Bjorklund (Spokane Valley, 1989/07/14) Fila San Martino Di Lupari talde italiarretik dator erasoan dituen bere dohai denak erakusteko prest, batez ere urrutiko jaurtiketa. Estatubatuarrak Tennesseko unibertsitatean aritu zen, non ospe handia duen, 2008an NCAAko txapelduna izan zen eta Lady Volsetako historian hiruko gehien sartutako errekorra dauka 300 hirukorekin. Horri esker, 2011an Bjorklund WNBA-ren Draftean bigarren txandako 17. posizioan hautatu zuen Chicago Sky taldeak. Urte berean Israelera egin zuen jauzi bere ibilbide profesionaleko lehen pausuak emanez Elitzur Netanya taldearen eskutik. Ondoren, Frantziako talde ugaritan aritu zen, Perpignan Basketen eta Tarbesen besteak beste. Azkenik, hegalekoa Villeneuve Dascq ESB Lille Metropolera heldu zen Euroliga jokatzera , non bataz beste 9,1 puntu, 2,8 errebote eta 1,1 asistentzia lortu zituen.

Azken denboraldian, estatubatuarra LEGAko izarretako bat izan da Fila San Martino Di Luparin bataz beste 16,4 puntu, 4,1 errebote eta 3,1 asistentzia eskuratu ditu 31 minututan. Zenbaki horiei esker, Bjorklund liga italiarreko bosteko onenean sartu zen hegaleko onena izanik. Lointek Gernika Bizkaiaren azken fitxaketaren dohairik nagusiena erasoan puntuak sartzeko erreztasuna da, taldearen mesedetan jokoaren gainontzeko atalak alde batera utzi gabe. Hegalekoa jaurtitzaile petoa da, iaz LEGAn %47,3-ko portzentaia eskuratu zuen 6,75m-ko lerrotik, 112 hirukotik 53 sartuz.

Estatubatuarra Marea Granateko partaide izateko “gogotsu” dagoela adierazi du taldearen inguruan “adierazpen onak besterik ez” dituelako entzun. “Betidanik Emakumezkoen Endesa Ligan jokatu nahi izan dut eta Lointek Gernika Bizkaiaren aukera hau, nire ustez, eskaintza ukaezina eta ezinhobea zen Eurocupen lehiatuko dugulako ere”, esan du Angie Bjorklundek. Datorren denboraldiari begira, hegalekoak bere desirak oso argi ditu: “Ikusi dudanarengatik taldea oso ona batu gara, talde guztien aurka lehiatzeko modukoa, baina lehenengo oso gogor lan egin beharko dugu emaitza bikainak lortzeko”.

Mario Lopezek Lointek Gernika Bizkaiaren azken fitxaketaren analisia osatu du: “Jaurtitzaile bikaina da era askotan puntuak lortu ahal dituelako, tiro azkarren bidez, erasoko erreboteen ondoren edo sistemen bitartez. Hiruko lerrotik zitala da eta egin ditugun gainontzeko fitxaketekin mehatxu oso handia izango gara urrutiko jaurtiketetan horrenbestez, defentsak gehiago zabaldu beharko dira erasoan espazio gehiago eskainiz. Gainera, esperientzia eta izaera handiko jokalaria da eta oso lagungarria izango da. Azkenik, defentsan hegaleko oso adimentsua eta eskuzabala da laguntzak egin behar dituenean”.

Angie Bjorklunden fitxaketarekin Lointek Gernika Bizkaiak 11 jokalari ditu 2020/2021 denboraldirako. Laura Cornelius eta Itziar Ariztimuño antolatzaileak; Roso Buch, Milica Ivanovic eta Marta Alberdi eskoltak; Angie Bjorklund eta Belen Arrojo hegalekoak; Margaret Roundtree eta Paula Ginzo hegal-pibotak; azkenik, Nadia Colhado eta Nogaye Lo pibotak.