Gernika Bizkaia

Euskal Kopa, irailaren 3an eta 5ean Durangoko Landakon

Emakumezkoen Euskal Kopa irailaren 3an eta 5ean jokatuko da ohiko Durangoko Landako polikiroldegian. Urteroko hitzordua dagoeneko Lointek Gernika Bizkaiaren aurredenboraldietan, aurten formatu eta talde berri batekin, finalaurrekoak Tarbesen aurka irailaren 3an 20:00etan.

Bagenekien finalaurrekoetako aurkaria eta finala Eitb bidez ikusi ahalko zela irailaren 5ean, baina oraindik beste xehetasun asko falta ziren argitzeko 2020ko Euskal Kopa honetan. Lointek Gernika Bizkaiak Tarbes talde frantzesa izango du aurrean finalaurrekoetan irailaren 3an 20:00etatik aurrera, lehenenago 17:45etan IDK Euskotren eta Kutxabank Araskiren arteko lehia izango da.

Tarbes uda amaierako klasiko baten bilakatu da talde euskaldunen amistosoetan eta Euskal Federazioak txapelketa honetan sartzea erabaki du ohiko LF2-ko taldeen ordez. Lointek Gernika Bizkaiak irabaztekotan larunbatean jokatuko luke finala 12:00etan zuzenean EITBren kameren aurrean. Galduz gero, ordez, hirugarren eta laugarren postua 18:00etan jokatuko da Durangoko Landakon.

Marta Alberdik era desberdin batean biziko du Euskal Kopa hau besteekin alderatuta, ofizialki Lointek Gernika Bizkaiako lehen taldeko jokalaria izanez: “Mariorekin azken bi urteetan laguntzen egon ondoren, nire aukera iritsi da. Benetako talde bat osatzeko txapelketa egokia da eta aldi berean sasoi onean jartzeko talde lehiakorrak izango ditugu aurrean”.