Gernika Bizkaia

Aiert Uribe: “Neskek oso gogor egin dute lan eta finala lanaren emaitza da, gogotsu gaude”

“La tercera es la vencida”. Esaldi hori egi bilakatu nahi du Aiert Uribek zuzenduriko kadete espezialak Kopako finalean larunbatean 18:00etatik aurrera Loiun Urdanetaren aurka. Hirugarren urtez jarraian Gernika KESB finalean egongo da, aurreko bi urteetan galdu egin ziren, baina entrenatzaileak dinamika hori apurtzeko gogoak ditu.

Zelan heldu da taldea Kopako finalera?

Denboraldian zehar hainbat fase igaro ditugu. Lehenengo fasean ez genuen zorte handirik eduki multzorik zailenean egon ginelako eta hala ere A2n jokatu behar izan genuen berdinketa hirukoitz batengatik. Bigarren fasean, ordea, lau porrot bakarrik jasan ditugu eta horren bidez lortu dugu taldeak denboraldi hasieran zuen helburu nagusia, espezial mailan mantentzea. Horrez gain, Logroñoko torneoan, esate baterako, maila oso ona eman genuen eta neskek oso ondo erantzun dute. Orain Kopako finala daukagu aurrean, hirugarrena jarraian, espero behingoz garaikurra etxera ekartzea bi porroten ondoren azken urteetan. Finalerako gogotsu gaude, bai jokalari moduan neskak, baita talde moduan denok.

Zelako garapena ikusi duzu urte osoan zehar jokalariengan?

Neskek oso gogor egin dute lan eta emaitzak ikusi dira. Esan beharra dago taldearen gehiengo handi bat lehenengo urtekoa dela eta jakina da infantilen eta kadeteen artean dagoen jauzia handia dela. Bakoitzak bere mailan aurrera pausoak eman ditu eta azkenean hori da entrenatzaileentzako pozgarriena, emaitzen gainetik. Azken astean, esate baterako, taldeko hiru jokalari Espainiako Txapelketara joan dira.

Urdaneta izango duzue aurrean, aurkari zaila.

Urdanetaren aurka bi partida jokatu ditugu denboraldi honetan. A2ko lehen jardunaldian Loiun jokatu genuen eta nire ustez, guk geuk galdu genuen partida haiek irabazi baino. Urte osoan zehar arazo handiak eduki ditugu tiro libreen marratik, lehenengo lehian, adibidez, 3/21 sartu genituen. Larunbatean Kopa irabazi nahi izanez gero, portzentaia hauek hobetu beharko ditugu ahalik eta puntu gehien saskiratzeko. Urdaneta talde oso handia da, fisikoki gu baino garatuagoak, eta haien jokalaririk onena pibota da, zein uztaipean dena egiteko gai den. Loiuko taldeak meritu handiarekin lortu du Espezialera igotzeko txartela eta aurkari oso gogorra izango da. Gainera, etxean jokatuko dute, haien alde doan gako bat, baina finalak jokatzeko eta irabazteko daude, beraz, dena emango dugu kantxan.