Gernika Bizkaia

Laura Cornelius, puntuak eta gidaritza Lointek Gernika Bizkaiarentzako

Laura Cornelius da Lointek Gernika Bizkaiaren 2020/2021 denboraldirako hirugarren fitxaketa. 24 urteko eta 173zm luzeko internazional herbeeretarrak antolatzaile posizioa indartzera dator bere gidaritzapen eta puntuei esker.

Laura Cornelius Quesos el Pastor Zamarat taldetik dator non iaz debuta egin zuen Emakumezkoen Endesa Ligan. Amsterdameko goi errendimenduko zentro batetik irten ondoren Estatu Batuetara egin zuen jauzi bere formakuntzarekin jarraitzeko. NCAAn Miami Hurricansen hiru denboralditan jokatu zuen, urtez urte bere jokoa eta estatistikak hobetzen.

Zamoran lehiatu zuen lehenbizikoz maila profesionalean 8,5 puntu, 3,8 errebote eta 2,3 asistentzia eskuratu zituen bataz beste 29 minututan. Antolatzailearen dohairik nagusiena bere urrutiko jaurtiketa da, iazko sasoian hirukoetan %40,3ko portzentaia lortu zuen. Cornelius, bere herrialdeko harrobiko selekzioetan ohikoa izan dena, 24 urterekin Herbeeretako Selekzio nagusiarekin jokatu du dagoeneko.

Laura Corneliusek aitortu du marea granatearen “zaleen indarrak” harritu zuela, “berezia izan zen”, iaz Zamorako elastikoaren Malostera etorri zenean. “Ohore bat da Lointek Gernika Bizkaian jokatzea, azken denboraldian bikain jokatu zuen taldea izan zen eta horregaitik lortu zituzten hain emaitza onak Emakumezkoen Endesa Ligan eta EuroCupen”, esan du herbeeretarrak.

Mario Lopez oso pozik dago Laura Corneliusen fitxaketarekin: “Antolatzaile posturako jokalari profil desberdin baten bila genbiltzan Itzirekin batera jokatzeko. Corneliusek jaurtiketa bikaina dauka eta ohi baino tamaina handiagoko antolatzailea da, beraz, aukera asko eskeiniko dizkigu gure jokoan. Gainera, izaera handiko jokalaria da eta hobekuntza asko dauka aurretik Emakumezkoen Endesa Ligan debuta egin ostean”.

Fitxaketa honekin talde gernikarrak antolatzaile postua lotuta dauka Itziar Ariztimuñoren kontratu luzapenarekin eta puntualki Roso Buch etorriberriarekin. Lointek Gernika Bizkaiak zortzi jokalari ditu sinatuta 2020/2021 denboraldiari begira: Laura Cornelius, Paula Ginzo, Belén Arrojo, Marta Alberdi, Nogaye Lo, Itziar Ariztimuño, Margaret Roundtree eta Roso Buch.