Gernika Bizkaia

Lointek Gernika Bizkaia lehendabizikoz Superkopan, non eta Bilbao Arenan

Emakumezkoen Endesa Ligako Superkopa Bilbao Arenan jokatuko da eta bertan egongo da historian lehen aldiz Lointek Gernika Bizkaia. Espainiako Saskibaloi Federazioak Miribillako pabilioia aukeratu du 2020/2021 denboraldiko lehen txapelketa ofiziala lehiatzeko egoitza moduan. Hitzordua irailaren 12 eta 13an izango da, lauko finaleko formatu berriarekin eta talde gernikarrarekin batera Perfumerias Avenida, Spar Girona eta Valencia Basket egongo dira.

Basket usaina gero eta gertuago dago. Oso gertu. Bilbao Arenan jokatuko da Emakumezkoen Endesa Ligako 2020/2021 denboraldiko Superkopa eta bertan parte hartuko du lehendabizikoz Lointek Gernika Bizkaiak. Bilbao Basketeko beltzezko gizonen ohiko kantxak hartuko du urteko lehen titulu ofizialeko borroka. Aurten gainera formatu berri bat jarri da martxan, lauko finalekoa alegia, bi eguneko txapelketa 2019/2020 denboraldiko lau talde onenekin: Perfumerias Avenida, Spar Girona, Lointek Gernika Bizkaia eta Valencia Basket (Kopako txapelduna eta ligako etetean sailkapeneko bigarren, hirugarren eta laugarren sailkatuarekin). Talde gernikarraren iazko urte ahaztezin, historiko eta gogoangarriak fruituak eman ditu Superkoparako txartel honekin. Mario Lopezen taldea Perfumerias Avenidarengandik bi partidara eta Spar Gironarengandik partida bakarrera geratu zen urte osoan zehar lehia latza izan ondoren.

Espainiako Saskibaloi Federazioak adierazi duenez, zalegoari dagokionez, momento oro erakundeek esaten dituzten protokolo eta arau denak errespetatuko dira, betiere partehartzaileen eta ikusleen segurtasuna bermatuz. Horrez gain, sarrerak hurrengo datetan jarriko dira salgai, erakundeen baieztapenarekin une guztietan.

Naiara Diez kapitainak uste du Lointek Gernika Bizkaiarentzako, Bilborentzako eta oro har Bizkaiako saskibaloi zale guztientzako “aukera paregabea” dela. “Etxean jokatzea alde handia da guretzako eta ilusio berezi bat edukiko dugu Bilbao Arenan lehiatzeko iazko bizipen gogoangarrien ondoren”, adierazi du altsasuarrak.

Gerardo Candinak, Lointek Gernika Bizkaiako presidenteak, uste du Superkopa hau “saskibaloiaz gozatzeko egunak” izango direla: “Oso pozik gaude albiste berri honekin, batez ere gure zaleengatik eta Bizkaia osoko zaleengatik, hainbeste maite dugun kirolaz gozatu ahal izango dutelako Bilbao Arenan iazko 4 talderik onenak ikusiz. Espainiako, Euskadiko eta Bizkaiako Federazioei eskerrak eman nahi diegu atzean dagoen lan eta esfortzu denarengatik. Partida ikusgarriak bizitzea espero dugu, eta pandemiaren egoerak uzten badigu, zaleekin batera gozatzea”.

Horrenbestez, marea granateak bi hitzordu ditu dagoeneko Lointek Gernika Bizkaiaren aurredenboraldian. Alde batetik, Durangoko Landako polikiroldegian jokatu den Euskal Kopa, finalaurrekoetan Tarbesen aurka, irailaren 4 eta 5ean eta beste alde batetik, LF Endesako Superkopa Bilbao Arenan hurrengo asteburuan. Gure jokalariak Bilbao Arenara itzuliko dira Bilbao Basket eta Lointek Gernika Bizkaiaren arteko kolaborazio akordioarengatik antolatutako “saskigabonak” kanpainaren ostean, non ia 6000 ikusle batu genituen arratsalde ahaztezin batean.