Gernika Bizkaia

Lointek Gernika Bizkaiak laugarren denboraldiz jarraian Eurocupen lehiatuko du

Lointek Gernika Bizkaiak laugarren denboraldiz jarraian Eurocupen lehiatuko du iaz txapelketako zortzi talde onenen artean sartu ondoren. Multzokako faseko zozketa datorren astelehenean izango da, hilaren 17an, Munichen.

Ofiziala. Beste urtez batez, eta dagoeneko lau urte dira jarraian, Lointek Gernika Bizkaiak Europan zehar bidaiatuko du Eurocuperi esker. Iaz final zortzirenetan sartzeko txartel historikoa lortu ondoren, bi kanporaketa gailenduz, talde gernikarrak Europan arituko da beste behin. Mario Lopezen taldeak gainera Emakumezkoen Endesa Ligako hirugarren sailkatu moduan eskuratu du txapelketarako txartela, beraz, zuzen zuzenean sartzen da multzokako fasean aurretiazko faserik jokatu gabe.

Eurocupeko zozketa datorren astelehenean izanen da, hilaren 17an, Munichen eta txapelketa bi konferentziatan banatu da bizi dugun pandemia mundial egoera honen aurrean bidaia luzeak ahalik eta gehien ekiditeko. Lointek Gernika Bizkaia bigarren konferentzian sartu da Emakumezkoen Endesa Ligako gainontzeko taldeekin, frantzesekin, belgikarrekin, suitzarrekin eta italiarrekin. Behin aurretiazko faseak erabakitzen direnean 32 talde egongo dira 4 taldeko 8 multzo osatuz.

Superkopako zozketa eta aurkezpena

Beste alde batetik, gaur aditzera eman da Emakumezkoen Endesa Ligako Superkoparen aurkezpen eta zozketa abuztuaren 26an izango dela Bilbao Arenan. Zozketa purua izanen da, hau da, ez da txartel bururik egongo, beraz, talde gernikarrak Perfumerias Avenida, Spar Girona edo Valencia Basketen aurka jokatu dezake.