Gernika Bizkaia

Mikel Retolaza: “Meritu izugarria dauka Gernika bezalako herri bat Bartzelona, Madril edo Valladolid moduko hirietako kluben aurka lehiatzen ikustea”

Euskal Ligako kadeteak larunbat goizean joko du Valentziara maiatzaren 19tik 25era Espainiako Txapelketan lehiatzera. Nahiz eta multzoan Estudiantes bezalako aurkari oso indartsuak izan, Mikel Retolaza entrenatzaileak badaki “sari bat” dela bertan egotea eta ahalik eta hoberen lehiatzera eta disfrutatzera joango dira.

Taldeak ez du bide erraza izan Valentziara heldu arte.

Taldeak Espainiako Txapelketaraino heltzeko izan duen ibilbidea hitz baten bakarrik laburbildu beharko banu “harrigarria” izango litzateke. Denboraldi hasiera ezkorra izan zen jokalariak oso gazteak zirelako eta haiekin lan handia genuelako aurretik. Lehendabizi helburu nagusia lortu genuen, Euskal Ligako postua mantentzea, lehenengo faseko azken jardunaldietan haizea gure aldez edukirik. Ondoren, A1ean sartzeak taldeari indar handia eman zion eta hortik aurrera goruntz bakarrik joan gara.

Zeintzuk dira helburuak Espainiako Txapelketan?

Kontuan eduki behar da irailean helburua permanentzia zela eta gure ametsik gozoenetan ere ez genuen gure burua maiatza bukaeran Espainiako Txapelketan ikusten. Abenduan maila mantentzea lortu genuen eta neskek pisu handia kendu zuten gainetik eta bigarren fasean inolako presio edo beldurrik gabe jokatu zuten. Valentziara goaz opari honetaz gozatzera eta ahalik eta hoberen lehiatzera estatuko talde onenen aurka. Meritu izugarria dauka Gernika bezalako herri txiki bat Bartzelona, Madril edo Valladolid moduko hirietako kluben aurka lehiatzen ikustea.

Multzo oso gogorra.

Zozketan ez genuen zorte handirik eduki eta Valentzian hiru aurkari oso indartsu izango ditugu zain. Hala ere, multzo honetan hiru onenak aurrera egiten dute eta borroka horretan aukerak izaten saiatuko gara. Lehendabizi, Estudiantes, Madrilgo txapelduna, urtero Espainiako Txapelketa irabazteko kinielatan dagoen taldea. Ondoren, Basket Almeda, Kataluniako hirugarren sailkatua izan arren, jakina da liga horretan dagoen maila altua eta lehiakortasun handia, beraz, beste aurkari oso indartsu bat. Azkenik, UVA Ponce Valladolid, Gaztela eta Leongo txapelduna. Hiru talde oso boteretsu eta, printzipioz, fisiko eta mailagatik nagusi. Dena den, gure neskek %100 emango dute kantxan 40 minutuetan zehar eta ahalik eta hoberen lehiatzen saiatuko gara aurkari ororen kontra.

Jokalarien hobekuntza, albisterik onena.

Jokalarien maila biderkatu dela esango nuke, hau da, irailean baino saskibaloi jokalari hobeak dira eta azkenean hori da garrantzitsuena gure harrobian emaitzetatik at. Neska gehienak lehen urtekoak dira eta jakina da infantiletatik Euskal Ligako kadetera dagoen jauzia oso handia dela erritmo eta exijentzian batez ere. Denek, bakoitza bere mailan, aurrerapausoak eman dituzte arlo tekniko, taktiko eta baita jarreran ere. Entrenatzaile moduan oso harro nago jokalariek izan duten hobekuntzaz, lehen pertsonan bizitzea oso pozgarria horrelako garapen handia denbora gutxian ikustea.