Gernika Bizkaia

Nadia Colhado, tamaina handiko fitxaketa Lointek Gernika Bizkaiarentzako

Nadia Colhadoren fitxaketarekin Lointek Gernika Bizkaiak bere barneko jokoa ixten du 2020/2021 denboraldiari begira. 31 urteko eta 193zm luzeko pibot brasildarrak balio anitzeko barne jokoa osatuko du errebotea, altuera eta fisikoa emanez Nogaye Lo eta Margaret Roundtreeren berritzeekin eta Paula Ginzoren fitxaketarekin batera.

Nadia Gomes Colhado (Marialva, 1989/02/25) talde gernikarraren bosgarren fitxaketa bilakatu da hurrengo denboraldiari begira. Pibota Flammes Carolo talde frantziarretik dator non jokatu zituen 5 partidetan 6,4 puntu eta 4 errebote eskuratu zituen bataz beste 12 minututan. 2019ko urte amaieran kantxak alde batera utzi behar izan zituen aspalditik zituen arazo fisikoak sendatzeko: Gironan zegoenean eskumuturrean izan zuen ebakuntza eta tendinitis bat.

Brasildarrak duela urte batzuk WNBAn jokatu zuen, hiru sasoietan 27 partida jokatuz. Duela hiru urte Euskal Herrira heldu zen IDK Euskotrenen eskutik eta Emakumezkoen Endesa Ligako jokalari onenetariko bat izanik eta sasoi amaieran MVPa izendatu zuten. Ondoren, Uni Gironara egin zuen jauzi, 2018/2019 denboraldian bataz beste 11,3 puntu eta 6,8 errebote lortuz.

Brasildarra Lointek Gernika Bizkaiaren eskutik Emakumezkoen Endesa Ligara itzultzeko gogo asko zituen: “Anbizio handiko eta ideia oso argiko proiektu batera nator Espainiako Ligara, nire bigarren etxera”. Nadia Colhadok Malosten etxeko bezala jokatzeko gogo asko ditu “kantxa oso beroa” delako, kantxan eta zaleen artean dagoen “hurbiltasunarengatik”. “Espektatibak oso altuak ditut eta taldeari eta kideei laguntzeko desiratzen nago”, adierazi du pibotak.

Mario Lopezek talde gernikarraren azken fitxaketaren analisia egin du: “Nadiaren fitxaketarekin gure barneko jokoa orekatzen dugu. Denbora luzean lesioetatik errekuperatzen egon ondoren, datorren denboraldian bere bertsiorik onena berreskuratu nahi dugu Malosten. Gure taldearen filosofiara ezinhobeto egokitzen den jokalaria da, errebotea, esperientzia, ahalmen fisikoa eta puntuak emango dizkigu uztai azpian”.

Nadia Colhadorekin Lointek Gernika Bizkaiak bere barne jokoa ixten du Nogaye Lo eta Margaret Roundtreeren jarraipenekin eta Paula Ginzoren fitxaketarekin. Kanpoko lerroan, aldiz, talde gernikarrak Itzi Ariztimuño, Laura Cornelius, Roso Buch, Marta Alberdi, Milica Ivanovic eta Belen Arrojo ditu lotuta 2020/2021 denboraldirako.