Gernika Bizkaia

Nogaye Lok bere hobekuntzarekin jarraituko du Lointek Gernika Bizkaian

Nogaye Lok beste urte batez Lointek Gernika Bizkaiaren elastikoa defendatzen jarraituko du 2020/2021 denboraldian. Mallorkako jokalari gazteak bere hobekuntzarekin jarraituko du Gernikan, non iaz bere ibilbide profesionalerako aurrerapusu handiak eman zituen.

Pibota Lointek Gernika Bizkaiaren jokamoldearen giltzarrietako bat izango da beste behin. Emakumezkoen Endesa Ligan 24 urteko pibotak 7,1 puntu eta 3,6 errebote lortu ditu bataz beste kantxan egon den 17:35 minutuetan. EuroCupen, aldiz, bere estatistikak hobetu ditu 8,5 puntu eta 3,7 errebotetaraino helduz. Malosteko uztaiak ondo babestuta jarraituko dute, Emakumezkoen Endesa Ligako pibot defenditzaile onenetariko batengatik. Taula azpiko gunea bere gotorlekua bilakatu du. Gainera, erasoan garapen handia izan du bere jaurtiketetan batez ere, gero eta konfiantza gehiago lortuz. Horrela, urrutiko lerrora arte zabaldu du bere mehatxua, hirukoetan %45,5eko bataz bestekoak lortuz.

Mallorkako jokalariaren arabera, “kontratu luzapen hau nire ibilbide profesionalean Emakumezkoen Endesa ligan jokalari moduan egonkortzeko aurrerapausu bat da eta non hobeto Gernikan baino”. “Iazko denboraldian oso eroso egon nintzen taldean eta sasoi ahaztezin bat osatu genuen, nire bizitzako onenetarikoa, bai pertsonalki zein talde moduan eta oso zaila izango da emaitza horiek errepikatzea”, esan du Nogaye Lok. Behintzat 2019/2020 denboraldiko lorpenak “berdintzea” nahi du pibotak zaleen gozamenerako batik bat.

Berriztapen honekin Lointek Gernika Bizkaiak, iazko emaitza onak ikusita, talde gazte bat osatzeko zutabeak egonkortzen jarraitzen du. Itziar Ariztimuño lehenengo, Marta Alberdi ondoren, Roso Buchen fitxaketa, Belen Arrojoren jarraipenarekin eta Nogaye Loren berritzearekin talde gernikarrak bloke nazional sendoa osatzen du.