Gernika KESB

[:Eu]Mikel Retolaza: “Malosteko beste edozein zale moduan bizitzen ditut partidak”[:]

[:Eu]

Malosten ia 900 pertsona sartzen dira eta astebururo Marea Granateak harmailak betetzen ditu Lointek Gernika Bizkaiaren jokoaz disfrutatzeko asmotan. Beste askok, ordea, etxetik ikusten dituzte norgehiagokak, kanpoko taldeko zaleek esate baterako. Emakumezkoen Endesa Ligak aurrerapausuak ematen ari da pixkanaka eta horietako bat Feb TV plataforma da. Zuzeneko emankizunek ahotsa behar dute eta talde bizkaitarreko ahots nagusia Mikel Retolaza izan da azken urte hauetan.

Duela zazpi urte hasi zen Mikelo komentarista lanetan Malosten, ondo baino hobeto gogoratzen du: “Emakumezkoen Ligako bigarren mailan hasi nintzen, igoera lortu genuen denboraldi ahaztezin horretan”. Garai haietan oraindik ez zen Feb TV existitzen eta eskualdeko telebista kate baten bidez emititzen zen. “Aiertegaz batera hasi nintzen mikrofono aurrean eta egun bateko mesede bat izan behar zena, astebururo egin beharreko lan batean bilakatu da”, azpimarratzen du Mikelek.

Mikelok bere toki propioa dauka kiroldegian, mahaiko epaileen gainean justu, lehia jarraitzeko lekurik onenetarikoan, onena ez bada. “Nahiz eta mikrofonoa aurrean eduki, Malosteko beste edozein zale moduan bizitzen ditut partidak”, aitortzen du. Baina, era berean, badaki kontu handiarekin neurri behar duela esaten duela: “Hala ere, FEB TV plataformatik emititzen direnez norgehiagokak saiatzen gara gure bufandako kolorea, apur bat bada ere, alde batera uzten. Kontuan eduki behar da, beste taldeko zaleek ere ikusten ari direla eta horrenbestez, hitzak neurtu behar dira beti errespetua mantentzeko”. Batzuetan “ez da erreza”, batez ere amaiera estuetako partidetan, baina objektibitate hori mantentzen saiatzen da beti.

“Odol beroko persona izanik, asko bizitzen ditut Lointek Gernikako partidak, nire taldea baita”, azaltzen du esatariak. Entrenatzailea izanik, bere jakituria transmititzen saiatzen da: “Saskibaloia pasio handiarekin ikusten dut eta askotan zaila da jesarrik mantentzea eta zutundu egiten naiz nerbio horiek kontrolatzeko saiakeran”. Asko disfrutatzen du 2 ordu horietan eta “urte askoan Lointek Gernikako ahotsa” jarraitzen izatea espero du.

 [:]