Gernika KESB

Lointek Gernika Bizkaiak larunbatean hasiko du aurredenboraldia

2020/2021 denboraldiko Lointek Gernika Bizkaiak larunbatean, hilaren 15ean, hasiko du aurredenboraldia Malosten. Jokalariak ostiralean deituak daude Quiron klinikan PCR probak osatzeko, erakundeek agindutako gomendio eta segurtasun araudia jarraituz.

Orduak, orduak besterik ez dira falta baloiaren hotsa berriro, hainbeste denboraren ondoren, Malosten entzuteko. Lointek Gernika Bizkaiako lehen taldeak larunbatean hasiko du aurredenboraldia. Aurretik, ostiralean, lehen taldeko jokalari eta staff tekniko osoak PCR probak pasatuko dituzte Quiron Klinikan, erakundeen aginduei kasu eginez. Talde gernikarrak hilabete bat izango du aurretik irailaren 12 eta 13ko Bilbao Arenako Superkopara eta hurrengo asteburuko Emakumezkoen Endesa Ligaren hasierara ahalik eta sasoi puntu onenean heltzeko.

Aste guzti honetan zehar pixkanaka jokalariak Gernikara heltzen joan dira, bi hutsune bakarrik egongo dira. Batetik, Milica Ivanovic larunbatean helduko da, baina PCR probak osatu eta emaitzak eman arte itxaron beharko du taldera batzeko. Bestetik, Margaret Roundtreek bere bisarekin dituen arazoak konpontzen dituenean batuko da gainontzeko bere taldekideekin.