Gernika KESB

Mikel Retolaza: “Talde gutxi batzuen esku dago Espainiako Txapelketa bat jokatzea”

Mikel Retolazak zuzentzen duen Euskal Ligako Lointek Gernikak igandean ekingo dio Espainiako Junior Txapelketari Huelvan. Talde gernikarra H multzoa egokitu zaio; Galiziako Celta, Melillako La Salle eta Asturiaseko Navia izango ditu aurkari. Igandean 17:30ean Melillako La Salle izango dute aurkari, astelehenean 17:00etan Navia asturiarra eta asteartean Celta galizarra 13:30ean.

Zelan dago taldea?

Taldea sasoi onean helduko da Espainiako Txapelketara, nahiz eta Euskal Ligako finalak modu dramatikoan eskuetatik alde egin. Final serioa egin genuen, aurretik joan ginen markagailuan, baina azken segundoetan txanpona ez zen alde jauzi. Aurretik txapelketarako txartela eskuratu izanak taldeari kolpeari buelta emateko ondo etorri zaio. Beraz, gogotsu gaude.

Zeintzuk dira helburuak?

Helburu nagusia betikoa da, hau da, gozatzea, sari ikaragarria da Espainiako Txapelketa bat jokatzea. Talde gutxi batzuen esku dago eta ez dakigu zein izango den azkena. Gainera, jokalari batzuentzako azken aukera izango da bigarren urtekoak baitira. Era berean, ahalik eta hobekien lehiatu nahi dugu eta gure maila non dagoen ikusi.

Egin H multzoko analisi labur bat.

Navia Asturiaseko txapelduna da, Celtak historia handia du harrobian eta lehen taldean eta Melillako taldeak beti dira borrokalariak. Hau da, multzo zaila egokitu zaigu, maila eta exijentzia handikoa, beraz, gure onena eman beharko dugu aurrera egin ahal izateko. Hain zuzen ere, lehen sailkatuak bakarrik jokatuko ditu kanporaketak.