[:Eu]
Senior espeziala
Lointek Gernika 42-64 Ugeraga
Igande arratsaldean Sopelanako Ugeraga talde jaso genuen Malosten. Lehen itzuliko norgehiagokan aurretik joan ginen atsedenaldira, baina indarrik gabe geratu ginen garaipena eskuratzeko. Hasiera, beste behin, ez zen ona izan eta horren ondorioz hutsartea eskatu behar izan genuen. Orduan, gauzak hobeto joan ziren, batez ere erasoan, baloi mugimendua askoz hobeto landuz. Atsedenaldi aurreko azken minutuan partzial txiki bat jaso genuen kontran eta kanpoko taldea 11 puntu gora joan zen aldageletara. Hirugarren laurdenaren hasieran partidan bizirik jarritu nahi genuen, baina ezinezkoa izan zen. 0-10eko partzialak erabakita utzi zuen lehia, nahiz eta jokalariek azken minutu arte lanean segi.
Euskal Ligako juniorra
Lointek Gernika 64-67 Easo
Hil edo biziko partida Lauko Finalari begira domeka arratsaldean Malosten jokatzen zena. Alde batetik, Lointek Gernika garaipen bakarrarekin sailkapenean eta beste alde batetik, Easo bi garaipenekin. Etxeko taldeak garaipena eskuratzeaz gain, 7 puntuko averagea berreskuratu nahi zuen taulan postuak igotzeko. Hasiera hotza izan zen bi taldeen partetik, baina minutuak aurrera joan ahala gure neskak berotzen joan ziren eta jaurtiketa erosoak aurkitzen joan ziren markagailuan lehenengo aldeak zabalduz. Atsedenaldirako 10 puntuko errenta lortu genuen. Aldageletatik pasa ondoren gure helburua norgehiagoka erabat apurtzea zen eta hori zirudien lehen minutuetan. Easok, ordea, hortzak estutu zituen, hirukoak sartu eta defentsa asko oldartu, horrela bali asko galdu genituen eta 0-11ko partzial gogor bat jaso genuen. Hortik aurrera partida asko berdindu zen inolako errenta handirik gabe eta dena azken minutuan erabakitzeke. Markagailuan aurretik jartzeko zein berdintzeko jaurtiketak izan genituen, baina inolako zorterik gabe.
Kadete espeziala
Unamuno 44-55 Lointek Gernika Trelec
Zapatu baten gaueko 20:30etan jokatzea tokatu zitzaigun asteburuan, ordutegi arraroa, baina aurrean partida oso garrantzitsua taulako bigarren sailkatuaren aurka, Unamuno. Joan den astean Barakaldo liderrari irabazi ostean, gure sentsazio positiboekin jarraitu nahi genuen eta garaipen hori are hobea egin talde bilbotarrari irabazita. Hasiera oso ona izan zen gure aldetik, defentsan goitik estutuz eta horren bidez baloi asko lapurtuz. Erasoan, pazientzia nahikoa izan genuen jokalaririk onena edo jaurtiketarik erosoena aurkitzeko. Bide onean jarraitu genuen bigarren laurdenean aste guztian zehar landutako dena kantxan erakutsiz, bai arlo taktikoan zein teknikoan. Atsedenaldirako bazirudien partida erabat gure kontrolpean zegoela. Hirugarren laurdenak gure momenturik txarrenak izan ohi dira eta horregaitik oso garrantzitsua zen ondo sartzea kantxan aldageletatik pasa ondoren. Bide onetik jarraitu genuen markagailuko aldea beti 10 puntutik gora mantenduz. Etxeko taldeak, azken laurdenean hortzak estutu zituen errenta apur bat jaitsiz, baina gure neskek tinko jarraitu zuten bere lana ezinhobeto eginez. Denboraldiko partidarik konpletoena jokatu genuen.[:]



