Gernika KESB

Partiden gainetik, Aitana Vergarari homenaldia[:]

Lehen maila nazionaleko seniorrak:

CB San Ignacio 58-67 Gernika KESB

Igandean Logroñora joan ginen gure azken jardunaldietako dinamika txarrarekin amaitzeko helburu argiarekin. Hala edo nola partida irabazi behar genuen. Orain arteko neurketak oso gogorrak izan dira, denboraldi hasiera honetan ligako talde indartsuenen aurka jokatu baitugu. Maila honetako taldeen aurka nahiz eta hiru laurdenetan lan ona egin, hamar minutuko akatsak oso garesti ordaindu ditugu. CB San Ignacio talde igoberria da, baina arerio oso gogorra etxean jokatzen duenean. Neurketaren kontrola hasiera hasieratik gurea izan zen, baina ez genuen lehia inoiz guztiz apurtu gure momentu ahulengatik alegia. Hamasei puntuko aldea izan genuen gehienez eta errioxarrak bederatzi puntura hurbildu ziren, baina garaipena ez genuen inoiz arriskuan ikusi.

 

Bigarren mailako senior regionala:

Mungia ST 45-71 Gernika KESB

Igande goizean Mungiara joan ginen gure dinamika positiboarekin jarraitzeko asmotan. Lehen laurdenean, partida sartzean kosta zitzaigun, baina uztaierako bidea aurkitu genuen nahiz eta kontraeraso argiak huts egin. Bigarrenean, falta asko egin genituen eta Mungiako taldea tiro libreen marratik sartutako puntuei esker hurbildu zen markagailuan. Atsedenaldian, norgehiagokari martxa bat gehiago sartzea erabaki genuen. Esan eta egin. Bigarren zatian aldea handitu genuen beste garaipen bat lortuz.

 

Euskal Ligako juniorra:

Gernika KESB 55-84 Asador 10 Gibajas

Larunbatean Malosten Euskal Ligako lehen itzuliko azken jardunaldia jokatu zen, Asador 10 Gibajas jaso genuen, ligako talde indartsuenetako bat porrot bakarrarekin baitzeuden. Partida baino lehen Aitana Vergarak, junior taldeko juniorrak, txalo zaparrada bero bat jaso zuen bere homenez. Duela astebete Aitanak belauneko lesio larri bat izan zuen eta hilabeteak emango ditu kantxetatik at.

Neurketaren hasiera ona izan zen. Erasoan baloi mugimenduari esker jaurtiketa egoera erosoak aurkitu genituen, baina kanastak sartu gabe. Horrez gain, defentsan  gure akats txikiak oso garesti ordaindu genituen eta horrela markagailuan lehen aldeak zabaldu ziren. Ondorioz, lehen laurdenaren amaieran 11-22 galtzen gindoazen. Ondoren, ez zen dinamika aldatu, gure jokalariek lan ona egiten jarraitu zuten kantxako bi aldeetan, baina alde fisikoa handiegia zen. Bigarren zatian jokalariek ez zuten bere onena eman markagailuan haien burua oso atzetik ikusita. Laburpen gisara, lehen zati oso ona, baina bigarrenean ez genuen lehen 20 minutuetako talde berdina ikusi.

Lehen itzulia eta gero, taldeak 4 garaipen eta 3 porrot ditu sailkapeneko laugarren tokian kokatuta. Datorren larunbatean 11:00etatik aurrera Iraurgi jasoko dugu Malosten.

Ángel Grande

Bigarren mailako juniorra:

Gernika KESB 103-28 Berriotxoa

Zazpigarren jardunaldian Berriotxoa etorri zen Malostera jokatzera. Neurketa hasiera bikain bati esker (15-0) partida erosoa jokatu genuen, inolako presiorik gabe markagailuan alde handia baitzegoen. Hala ere, 40 minutuak kontzeptuak eta sistemak lantzeko baliatu genituen hurrengo jardunaldietara begira, bai erasoan zein defentsan. Lanean jarraitu behar dugu etorkizunera begira.

Euskal Ligako kadeteak:

Loiola Indautxu 58-50 Gernika KESB

Larunbat arratsaldean Bilbora joan ginen kantxa zailenetariko batera, Loiola Indautxurena alegia. Partida garrantzitsua zen sailkapenean bi taldeak berdinduta baigeunden. Neurketaren mailaz jakitun, bikain kantxaratu ginen lehen laurdenean abantaila lortuz. Bigarren laurdenean, ordea, bilbotarrek haien erritmoa inposatu zuten eta markagailua irauli zuten. Atsedenalditik bueltan, partidaren bidea ez zen aldatu, ezin genuen etxeko taldearen defentsa irakurri. Azken hamar minutuetan taldeak bere izaera atera zuen eta lehia berdintzea lortu zuen kanastarekiko zuzena izanez eta abiadura bilatuz. Azken minutuan zigor gehiegi jaso genuen, bilbotarrek bi hiruko sartu zituzten averagea zailduz. Burua gora eta lanean jarraitzea besterik ez dago.

 

Kadete espeziala:

Ugeraga Saski 54-42 Gernika KESB

Printzipioz oso argi geneukan Ugeragaren aurkako partidaren garrantziaz hirugarren posturako lehiari begira. Astean zehar entrenamendu onak egin genituen, beraz, ezin da azaldu larunbatean egindako neurketa txarra alderdi denetan. Hasteko, 14-0ko partzial gogor bat jaso genuen. Hala ere, bi puntura jartzea lortu genuen, ondorioz, horrek esan nahi du taldea ez zela behar bezala kantxaratu. Atsedenaldian, bost puntugatik soilik galtzen genuen. Hirugarren laurdenean, ordea, berriro ere oso txarto jolastu genuen 21-2ko partzial mingarria jasoz. Taldeak bere onena eman zuen azken hamar minutuetan markagailua iraultzeko asmotan, baina beranduegi zen. Konzentrazio gehiago behar dugu maila honetako partidetan, izan ere, helburua aldendu zaigu.

 

Kadete mutilak:

Gernika KESB 30-51 Santurtzi ST

Taldeak, beste jardunaldiekin alderatuta, lan ona osatu zuen defentsan. Erasoan, berriz, arazo asko izan genituen puntuak lortzekoeta hortik joan zaigu neurketa. Taldeak defentsaren eta erasoaren arteko oreka aurkitu behar du.

 

Errendimenduko infantilak:

Trelec Gernika 47-31 Gernika Txiki

Derbira 2-0 balantzearekin heldu ginen, lehenengo jardunaldietan aurkari gogorren aurka jokatu ondoren. Santanpen giro ezin hobea egon zen, familia artekoa, gure jokalariek, ordea, ez zuten duten kalitate eta gogoak erakutsi. Oraindik Gernika KESB-en DNA falta zaio taldeari, hala ere, norgehiagoka aurrera eramatea lortu genuen. Astean zehar egindako lana ez da ona izaten ari eta hori partidetan igartzen ari gara. Hortzak estutzea eta lana aurrera eramatea besterik ez dago.[:]

Tagged with:     , ,

Related Articles